2019/09/26PIGAFETTA, 1519-09-26

(...) eta, hila amaitu aurretik, 26an, Kanaria Handiko uharte batera iritsi ginen, Tenerifera, 28 graduko latitudera, haragia, ura eta egurra hartzeko.

Bertan, hiru egunetarako bota genituen aingurak, ontzidia hornitzeko; ondoren, uharte bereko beste portu batera hurbildu ginen, Monte Rosso izenekora, eta bi egun behar izan genituen. Jaun txit goren horrek jakingo du Kanaria Handiko uharte horietan –bata bestearen atzetik dator–, ez dariola ur-tanta txarrik; eguerdian, hodei bat ikusten da zerutik jaisten, eta uharte hartan dagoen zuhaitz erraldoi bat inguratzen du. Horrela, bertako hosto eta adarretatik ura dario, nahi beste. Eta zuhaitz horren oinean, barrunbe bat ezarri zen, iturri erara, eta, hartan, ura batzen da; beraz, bertan bizi diren gizakiek eta animaliek –bai etxekoak bai basokoak– ur horretatik asetzen dira, egunero, eta ez besteren batetik.