2019/10/03PIGAFETTA, 1519-10-03

Urriaren 3an, astelehenean, gauerdian, belak zabaldu genituen, noranzko australean, eta Ozeano itsasoan sartu ginen, eta, 14 gradu eta erdietan, Cabo Verde eta bere uharteak igaro genituen. Hala, hainbat egun nabigatu genuen, Gineako edo Etiopiako kostaren aurretik (bertan, mendi bat dago, Sierra Leona deritzona, latitudeko 8 gradu dituelako): kontrako haizeekin, etenaldiekin eta haizerik gabeko euriekin, ekinokzio-lerroraino. Hirurogei egunez etenik gabe euria egiten, antzinakoen iritziaren aurka. Lerrora iritsi aurretik, 14 gradutara, haize-zartada ugarik eta ur-lasterrek gure ibilbidea arriskuan jarri zuten. Ezin izan genion ibilbideari eutsi ontziak arriskuan jarri gabe –belak erabat bustita–; aurre egiten genion zubi-brankan, behin eta berriro, harik eta haserre biziz zetorren euri-jasa igaro arte. Giro euritsuan, haize-boladarik ez; giro eguzkitsuan, barealdia. Gure karabelen arrastoari jarraitzen zioten zenbait arrain handik; marrazoak omen ziren. Marrazoek hortz ikaragarriak dituzte eta, itsasoan gizaki bat aurkitzen badute, irentsi egiten dute. Arpoika asko harrapatzen genituen; nahiz eta jateko onak ez diren, txikiak izan ezik, eta haiek ere ez dira oso onak.

Haiekiko gorabeheretan, behin baino gehiagotan Gorputz Santua agertzen zen, alegia, Santo Elmo, beste argi bat gureen artean, gau iluntsuan; eta gabiaren muturrean sutan zegoen argi-zuziak bezalako distira horretatik; eta bi orduz irauten zuen eta, are gehiago, gurekin, kexatzen ginenon kontsolamendurako. Argi bedeinkatu hori bazihoanean, ordu laurden bat geratzen ginen guztiok itsu, errukia erregutzen eta benetan hilik geundela sinetsita. Itsasoa baretu egin zen, bat-batean.

Txori-mota asko ikusi nituen, besteak beste, batek ez zuen ipurdirik, beste batek, emeak errun nahi duenean, arraren bizkarrean jarri eta bertan txitatzen dena. Ez dute oinik, eta beti bizi dira itsasoan. Beste espezie batekoak gainerako txorien simaurrean bizi dira, eta nahikoa dute: hala, hainbeste aldiz ikusi nituen cagassela izenez ezagutzen direnak gainerako txorien atzetik korrika, harik eta haiek beren detritua kanpora botatzeko beharra ikusten duten unera arte, eta jazarleak harrapatu egiten du berehala eta jarraitzeari uzten dio. Hegaz egiten zuten arrain asko ikusi nituen, eta beste asko elkarrekin multzokatuta; uhartea zirudien. Ekinokzio-lerroa igarota, eguerdi aldean, Iparrizarraren erreferentzia galdu genuen; (...)