2019/11/29PIGAFETTA, 1519-11-29

(...) eta, hala, hego hego-mendebaldeko noranzkoan nabigatu genuen, Tierra del Verzin izeneko lurretaraino, Antartikoko 23 gradu eta erdietan. Hura San Agustín lurmuturraren lurra da, eta polo bereko 8 graduetan dago. Hartan, oilo, patata, anana oso gozoak –benetan dagoen frutarik dotoreena–, behia bezalako ahate-haragi, azukre-kanabera eta beste hainbat eta hainbat gauza bildu genituen; ez dut bildu genuenaren zerrendarekin jarraituko, luzeegi ez jotzeko. Arrantzarako amu baten edo aizto baten truke bost edo sei oilo ematen zituzten; orrazi baten truke, antzara pare bat; ispilu edo artazi batzuen truke, hamar gizakirentzako beste arrain; zintzarri baten edo uhal baten truke, zaku patata bat. Patata horiek, jatean, gaztainak ematen dute, eta luzeak dira, arbien antzera. Eta “urrezko errege” baten truke –karta-sortako karta bat da– sei oilo eman zizkidaten, eta, oraindik, iruzur egin ote zidaten susmotan.