2020/06/21PIGAFETTA, 1520-06-21

Hamabost egun geroago, armarik gabeko erraldoi horietako lau aurkitu genituen. Armak elorri zuri batzuetan zituzten ezkutatuta: harrapatu genituen biek gero erakutsi zizkiguten. Bakoitza era desberdin batean zihoan margotuta. Kapitain jeneralak, maltzurkeria eredugarriarekin, bi harrapatu zituen –gazteenak eta erneenak– Espainiara eramateko. Hala jokatu izan ez balu, litekeena da gutakoren bat hil izatea. Amarru hau erabili zuen haiek atxikitzeko: laban, guraize, ispilu, dunba eta beira-ale ugari eman zizkien. Bi eskuak gauza haiekin bete-bete zituztela, kapitain jeneralak bilur pare bat ekartzeko agindua eman zuen, eta haien oinpean jarri zituzten opari bat balira bezala; eta haiei, burdinazkoak zirenez, asko gustatu zitzaizkien. Ez zekiten, ordea, haiek nola eraman, eta uko egin behar izateak penatu egin zituen: ez zeukaten sariak non gorde eta biltzen zituzten larruei eskuekin eutsi behar zieten. Beste biek lagundu egin nahi izan zieten, baina ezezkoa jaso zuten kapitainarengandik. Bilur haiek utzi behar izatea eurentzat kezka handia zela ikusita, zeinuekin adierazi zien oinen inguruan jarriko zitzaizkiela, eta horrela beraiekin eraman zitzaketela. Baietz erantzun zuten buruarekin. Berehala, biei aldi berean bilurrak ipintzeko agindua eman zuen; eta, nahiz eta burdina nabaritu zutenean, duda egin zuten, kapitainaren segurtasun-keinuaren aurrean tente jarraitu zuten. Geroago, ordea, amarruaz jabetzean, zezenak bezala bafadaka aritu ziren, garrasi handiz Setebosi laguntza eske. Kostata lortu genuen beste biei eskuak lotzea, eta bederatzi gizonekin lehorrera bidali genituen, guk atzemandako baten emaztea zegoen lekuraino gure gizonak eraman zitzaten. Batzuetan negarrez gogora ekartzen baitzuen gizonak, haren keinuak ikusita sumatu genuenez. Aurrera egitean, batek eskuak askatzea lortu zuen, eta ziztu bizian hasi zen korrika, berehala begien bistatik galtzeraino. Beretarren bila zihoan, baina kanpoan zenean emaztea zaintzeko ardura zeukana ez zuen etxean aurkitu. Dena kontatzeko berriz ere haren bila irten behar izan zuen. Bitartean, eskuak lotuta zituen bestea askatu nahian zebiltzala ikusita, buruan pixka bat zauritu behar izan zuten; hala, bafadaka, gure gizonak emakumeak zain zeuden lekura eraman zituen. Joan Carvalhok, pilotuak, buruak, ez zuen orduan emakumea atzitu nahi izan, iluntzen ari zelako, eta bere txabolan lo egiten utzi zion. Beste bi indigena gerturatu ziren; baina, zaurituaz jabetzean, duda egin eta ez zuten ezer esan. Baina, eguna argitzean, emakumeekin hitz egin zuten. Eta, bat-batean, ihesari eman zioten, arin-arinka, txikiek nagusiek baino arinago, eta dena eraman zuten beraiekin. Bi atzean geratu ziren beren geziak gure gizonei jaurtitzeko; bestea animalia handiagoak ehizatzeko baliatzen ziren kumeak babesteaz arduratu zen. Eta, horrela, borrokaldian, bietako batek jaurtitako gezi batek gure gizon baten izterra zeharkatu zuen, eta berehala hil zen. Hura ikusita, ziztu bizian desagertu ziren. Gure gizonek eskopetak eta baleztak bazituzten ere, ezin izan zituzten zauritu; haiek, borrokan dabiltzanean, ez baitira inoiz geldirik egoten, batetik bestera ibiltzen dira jauzika. Gure taldeak hildakoa lurperatu zuen eta iheslariek atzean utzitako guztiari su eman zion. Benetan, zaldi batek baino lasterrago egiten dute korrika erraldoi horiek, eta euren emazteekiko oso jeloskorrak dira.

Tokikoek sabeleko mina dutenean, purga hartu beharrean, gezi baten bi arra, edo gehiago, eztarritik sartzen dute, eta ore berde bat odolarekin nahasita ahotik botatzen dute, kardu-mota jakin bat jan ahala. Buruko mina dutenean, kopetan ebaki bat egiten dute zeharka eta era berean besoetan, hanketan eta gorputzaren edozein lekutan, odol asko galtzeko asmoarekin. Odol hark bertan egon nahi ez zuela esaten zuen harrapatu genuenetako batek, gure ontzian zegoenak, eta horregatik sorrarazi ziola hainbesteko mina. Ilea burugain handi batekin daramate moztuta, fraideen moduan, baina luzeagoa, buruaren inguruan kotoizko lokarri bat daramate eta, ehizara abiatzen direnean, geziak hor estutzen dituzte. Sekulako hotza egiten duenean, zakila babesteko hankartean lotzen dute. Haietako bat hiltzen denean, hamar edo hamabi deabru agertzen zaizkio eta gorpuaren inguruan margoz apainduta pozik dantzatzen dute. Haien gainetik beste bat agertzen da, askoz ere handiagoa dena, deiadarka, eta are algara handiagoak egiten ditu. Deabrua margotuta agertzen zaielako margotzen dira beraiek. "Setebos" deitzen diote deabru nagusiari; besteei, "Cheleulle". Gainera, gure gatibuak keinuekin jakinarazi zidan ikusi egin zuela deabruak buruan bi adar eta hankak estaltzen zizkion ilaje luzea zituela, eta ahotik eta ipurditik sua jaurtitzen zuela. Kapitain jeneralak herri horretakoei "Patagoiak" deitu zien. Denak janzten dira lehen aipatutako animalia haren larruaz. Ez dute etxerik, animalia horren larruarekin egindako estalpeak baizik; eta batetik bestera haiekin mugitzen dira, ijitoek ohitura duten moduan. Haragi gordinaz eta “chapae” deitzen dioten sustrai gozo batez elikatzen dira. Gure gatibuetako bakoitzak otarre bat galleta jan eta balde erdi ur edaten zuen arnas hotsik atera gabe. Eta zanpa-zanpa jaten zituen arratoiak larrua eta guzti.