2021/03/06PIGAFETTA, 1521-03-06

Bitakora kaier honen ia hirurogeita hamar legoara, 12 graduko latitudean eta 146ko longitudean, martxoaren 6an, asteazkenean, Ipar-mendebaldean uhartetxo bat aurkitu genuen eta Hego‑mendebaldean bi. Azken horietatik, bata altuagoa eta zabalagoa da. Kapitain jeneralak bertan ainguratu nahi zuen, elikagai freskoren bat bilatzeko; baina ezin izan zuen, tokikoak gure itsasontzietara sartu eta han-hemen lapurtzen zirelako, ezinezkoa zen gauzak salbu izatea. Lurrera joateko belak jaisten ari ginen eta (ezohiko abiadurarekin) itsasontzi kapitaineko popara lotuta zegoen txalupa lapurtu ziguten. Gaiztakeria horrengatik haserre, kapitaina berrogei baleztarirekin lurrera jaitsi zen; berrogei edo berrogeita hamar etxeri eta kanoa askori su eman zieten, zazpi gizon hil zituzten eta txalupa berreskuratu zuten. Lehorreratu aurretik, gaixo bat baino gehiagok erregutzen zigun, gizon edo emakumeren bat hiltzekotan, haren hesteak ekartzeko, horiek janda azkar sendatuko zirelako. Baleztarekin indioren bat mehakatik guztiz zeharkatzen genuenean, gezia begiratu eta handik tiratzen zuten, zentsu batean edo bestean; azkenean ateratzea lortzen zuten, harrituta, eta horrela hiltzen ziren. Eta bularrean zauritutakoek gauza bera egiten zuten. Erruki handia sentitu genuen. Gutxira, abiatzen ginela ikusita, ehun ontzi baino gehiagorekin legoa bateko distantziaraino gurekin batera etorri ziren. Gure itsasontzietara hurbiltzen ziren eta arrainak erakusten zizkiguten, guri emateko plantak eginez; baina harrikatzeko eta gero alde egiteko asmoa zeukaten. Guk belak zabalik abiadura handian nabigatu arren, trebetasun handiz haien kanoak karabelen eta atoian generamatzan txalupen artean sartzen zituzten. Haien artean emakumeren bat oihuka eta ilea laztantzen ikusi genuen. Hildakoak maite zituelako, suposatzen dut.

Nahi duen moduan bizi da bakoitza, inork ez die agintzen. Biluzik dabiltza, baten bat bizarduna da; ile beltza gerriraino daukate, baina txirikordatuta. Albaniarrak bezala, palmazko kapeltxoekin estaltzen dute burua. Gure altuera bera daukate eta proportzioak mantentzen dituzte. Ez dute jainkorik gurtzen. Azala oliba-kolorekoa dute, zuriak jaiotzen diren arren, hortzak gorriz eta beltzez tintatzen dituzte, oso eder ikusten dute hori. Emakumeak ere biluzik dabiltza, sexua paperezko mintz mehe batekin estaltzen ez badute. Mintz hori palmondoen zurtoin eta azalaren artetik ateratzen dute. Ederrak, finak eta gizonak baino zuriagoak dira, ilea solte, luze, beltza eta oinetaraino daukate. Ez dute lanik egiten, etxean geratzen dira zerriak ehotzen edo kutxa eta bestelako objektuak egiten dituzte. Kokoak, batatak, txoriak, pikuak (arra baten tamainakoak), azukre‑kanabera, arrain hegalariak eta beste gauza asko jaten dituzte. Gorputza eta adatsa koko olioarekin eta sesamoarekin igurtzen dituzte; etxeak guztiz enborrezkoak dira eta sabaia ohol eta pikondoko hostoekin estaltzen dute: bi besaldi baino gehiagoko altuera dute, zoladura, leiho eta guzti. Gela eta etzalekuetan palmaz egindako zerria eder ugari dituzte. Asko xehatutako lasto samurrean lo egiten dute. Ez daukate armarik, arrainaren hezurrez egindako punta zorrotza duen xabalina antzekoa izan ezik.

Jende hori pobrea da, baina azkarra, eta gainera lapurra: horregatik hiru uharte horiei “Lapurren Uharteak” [gaur egungo Marianak] deitu genien. Dibertimendu gisa txalupa bizkorretan nabigatzen dute (emaztea ere ontzian dagoela). Txalupak gondolak bezalakoak dira, are estuagoak; batzuk beltzak, besteak zuriak, gorriak… Belaren kontrako aldean, enbor lodia dago. Punta zorrotza dauka eta zeharragekin ontzira lotzen da: horrela ur gainean seguruago dabiltza. Bela palma hostoez eginda dago, bata besteari josita dago eta bela latindar baten modukoa osatzen dute. Lema gisa laberako pala baten antzekoa erabiltzen dute eta haren kirtena barra batek zeharkatzen du. Popa branka eta branka popa bihurtzen dituzte eta uretan izurdeak bezala olatuz olatu saltoka dabiltza. Ikusi genuen gutxiarengatik, lapur horiek planetako biztanle bakarrak zirela uste zuten, zalantzarik gabe.