Astelehen goizean, uztailaren 29an, ehun prao baino gehiago ikusi genituen guregana etortzen, hiru taldetan zeuden banatuta, eta zenbait tunguli ere hurbiltzen ziren, haien txalupa txikiak. Hori ikusita, eta edozein iruzur izan zitekeen ustetan, ahal bezain azkarren belak zabaldu eta ihesi joan ginen; hain azkar, non aingura bat atzean utzi genuen. Gainera, aurreko egunean gure atzean ainguratutako hainbat junkok guztiz inguratuko gintuzten beldur ginen…
Beraz, azkar aurre egin genien eta lau harrapatu genituen, bertan zihoazen asko hil genituen. Hiru edo lauk alde egin ahal izan zuten. Hartutako junkoetako batean Luzongo erregearen semea zegoen. Azken hori hemengo, Burneko, erregearen kapitain jenerala zen eta bere junkoekin Laoc izeneko hiribildu handi batetik zetorren, Java Nagusiari begira uharte honen mutur batean dagoena. Burneko erregeak hiribildu hori suntsitu eta arpilatu egin zuen, Java Nagusiko erregearen esanak betetzen zituelako, eta ez bereak.
Joan Carvalhok, gure pilotuak, kapitain hori eta haren junkoa libre utzi zituen gure baimenik gabe, gero jakin genuen urrea eman ziotela trukean. Askatu ezean, eskatu beste ordainduko zigun kapitainak, lur haietan errespetu handia baitzioten, batez ere jentilak; horregatik, hain zuzen ere, egiten zuen lan kapitainak errege mairuarentzat. Izan ere, portu hartan beste hiri bat dago, baina jentilak bizi dira bertan eta guk ikusitako errege mairuarena baino handiagoa da. Hori ere uretan dago eraikita, bi herriak beti daude portua osorik berenganatzeko borrokan. Errege jentila errege mairua bezain ahaltsua da, baina ez hain harroa. Kristoren federa erraz bihurtuko litzateke.
Junkoak nola tratatu genituen esan genionean, errege mairuak lehorrean geratutako gure gizonetako bat bidali zigun praoak ez zetozela inondik ere guri kalterik egitera esateko, baizik eta gurekin batera jentilei aurre egitera; hori frogatzeko, moztutako buru batzuk erakutsi zizkioten gure gizonari eta jentilenak zirenak errepikatu zioten. Monarkari salerosketan aritzeko lehorreratutako bi gizonak etortzen uzteko eskatu genion, eta baita Joan Carvalhoren semea ere (Verzingo Lurraldean jaiotakoa), baina ezetz esan zuen. Joan Carvalhorena izan zen errua, kapitain hura libre uzteagatik.
Espainiara ekartzeko hamasei handikirekin geratu ginen eta, Espainiako erreginaren izenean, hiru emakumerekin; baina azken horiek Joan Carvalhok bereak balira bezala erabili zituen.
Tokikoen itsasontzi garrantzitsuak junkoak dira eta honela egiten dituzte: hondoa ur mailatik ia bi arrera geratzen da, oholezkoa da eta zuhaitzen iltzeak ditu (nahiko ondo dago eginda); egitura horren gainean kanabera lodi-lodiekin egindako azal lau eta orekatua dago, erremintak zein karabela bati eutsi diezaiokeena. Mastadia ere kanaberazkoa da eta belak landare‑azalezkoak.
Portzelana lur zuri-zuritik lortzen dute, berrogeita hamar urtez egoten da hor hartu aurretik; horrela egin ezean, ez litzateke hain fina izango. Aitak semearentzat lurperatzen du. Portzelanazko pitxer batean pozoia botatzean, unean bertan apurtzen da. Gune horietan mairuek erabiltzen dituzten txanponak metalezkoak dira, kordatu ahal izateko erdian zulo bat dute, eta aurpegietako batean lau ikur baino ez dauzkate: Txinako errege handiaren letrak dira eta “picis” deitzen diete.
Zilar biziko [merkuriozko] chatil baten truke (gure bi libraren parekoa dena), portzelanazko sei platertxo ematen zizkiguten; zilarrezko koaderno baten truke, ehun picis; ehun eta hirurogei chatilen truke, portzelanazko pitxertxo bat; hiru aiztoren truke, portzelanazko zahagi bat; metalezko ehun eta hirurogei chatilen truke, bahar bat argizari (berrehun eta bi chatilen parekoa); metalezko laurogei chatilen truke, bahar bat gatza; metalezko berrogei chatilen truke, itsasontziak bizketatzeko bahar bat erretxina… Hemen ez baitago mundrunik.
Hogei tahilek chatil bat balio du. Metala, zilar bizia, bidrioa, zinabrioa, artilezko oihalak, ehunak eta guk ekarritako bestelako salgaiak ezer baino gehiago gustatzen zaizkie; baina, batez ere burdina eta betaurrekoak. Mairu hauek orain arte ikusitakoak bezain biluzik doaz eta zilar bizia edaten dute. Gaixoek, garbitzeko; osasuntsuek, osasuntsu jarraitzeko.
Burneko erregea oilo baten arrautzen tamainako bi perla ditu, eta hain dira borobilak, non ezin diren mahai baten gainean geldirik egon. Horretaz guztiz ziur nago, izan ere, opariak eraman genizkionean, keinuen bitartez erakusteko eskatu genion; eta egingo zuela esan zuen. Egun batzuk geroago, hierarka batzuek ikusi egin zituztela esan ziguten.
Mairu hauek Mahoma eta haren legeak gurtzen dituzte: txerrikirik ez jatea; ipurdia ezkerreko eskuarekin garbitzea; esku horrekin ez jatea; eskumakoarekin, ordea, ezer ez hartzea; txiza egitean esertzea; eguzkiarekin hitz egin aurretik oilo eta ahuntzik ez hiltzea; oiloei hegoen puntak, eskegitzen dauden azaltxoak eta hankak moztea, eta gero zatitzea (lehen aldian goitik behera); eskumako eskuarekin aurpegia garbitzea; hortzak hatzarekin ez garbitzea; eta haiek hil ez duten animaliarik ez jatea. Guztiak erdainduta daude, juduak bezala.
Uharte hartan kanforra hazten da, zuhaitzen artean ernetzen den baltsamo mota; azala tipulena bezain fina du. Estali gabe uztean, gutxinaka desagertzen da. Tokikoek “capor” deitzen dute. Kanela, jengibrea, mirobalanoak, laranjak, limoiak, azukre-kanaberak, meloiak, kokoak, kalabazak, errefauak, tipulak, tipulatxak, behiak, bufaloak, txerriak, ahuntzak, oiloak, antzarak, oreinak, elefanteak, zaldiak eta bestelakoak daude. Hain da handia uhartea, non praoarekin inguratzeko hiru hilabete behar diren; Polo Artikotik 5 1/4 graduko latitudean dago, eta banaketa-lerrotik 176 2/3-eko longitudean, eta Burne deitzen da.
Uharte horretatik joan eta atzera egin genuen, zulatutako itsasontziak karenatzeko porturen baten bila. Pilotua behar bezain adi ez zegoenez, batek Bibalon izeneko uharteko uharri batzuk ukitu zituen; baina Jainkoaren laguntzarekin, salbatu ahal izan genuen. Marineletako batek bonbardentzako bolboraz betetako upel batean kandela bat piztu ahal izan zuen: eztandarekin ontziak dar-dar egitean, aske geratu zen. Generaman norabideari jarraituta, Burnera zihoan kokoz beteriko prao bat hartu genuen. Gizonek uhartetxo batera ihes egin zuten. Prao hura harrapatzen genuen bitartean, beste hiruk alde egin zuten eta arrezife ugariren atzean galdu ziren.