2021/10/26PIGAFETTA, 1521-10-26

Hego-ekialdeko bideari ekitean Artikotik sei gradu eta zazpi minutura geunden, eta Canitetik hogeita hamar legoa baino gehiagora. Aurrera egin ahala, lau uharte aurkitu genituen: Ciboco, Berahan Batolach, Sarangani eta Candighar. Larunbat gauean, urriaren 26an, Berahanm Batolach inguratzen ari ginela, ekaitz izugarri bat azaldu zitzaigun; eta, Jainkoari laguntza erreguka, bela guztiak jaitsi genituen. Bat batean, hiru santuak agertu zitzaizkigun eta iluntasunarekin amaitu zuten. San Elmu bi ordu baino gehiago egon zen gabiaren gainean, kandela handi bat bezala; San Nikolas, masanaren gainean; Santa Klara, trinketean. Bakoitzari esklabo bat eskaini eta zegokion limosna emango geniola zin egin genuen. Bidaiarekin aurrera egin eta portu bat aurkitu genuen Sarangani eta Candighar uharteen artean, Ekialdean gelditu ginen, urrea eta perlak dituen Saranganiko herrixka baten ondoan. Herritarrak jentilak dira eta gainontzekoak bezain biluzik dabiltza. Portu hori bost gradu eta bederatzi minututan dago, eta Canitetik berrogeita hamar legoara.

Han geundela, egun batean bi pilotu hartu genituen, Malucora eraman gintezen. Hegoalde eta Hego-mendebaldeko norabideen artean nabigatu genuen eta zortzi uharterekin egin genuen topo, batzuek biztanleak zituzten eta beste batzuek ez: lau ababorrean, lau istriborrean. Hauek dira: Cheana, Caniao, Cabiao, Camanuca, Cabaluzao, Chai, Lipan eta Nuza. Horiek guztien ostean beste batera heldu ginen, oso ederra zen. Kontrako haizea zegoenez, ezin genuen lurmuturra inguratu eta alde batetik bestera genbiltzan, beti lurretik hurbil; Maingdanaoko erregearen anaia horretaz baliatu zen bere seme txiki batekin batera gauez ihes egiteko; baina umea ezin izan zenez aitaren bizkarrean mantendu eta uhartera bidean ito egin zen. Ezin izan genuen lurmutur hori inguratu, beraz, Hegoaldetik igaro eta atzean utzi genuen. Inguruan uhartetxo asko zeuden sakabanatuta.

Aipatutako uharteak lau errege ditu: raja Matandatu, raja Lalagha, raja Bapti eta Raja Parabu, denak jentilak. Artikotik 3 gradu 1/2-ra dago, Saranganitik 27 legoara eta Sanghir deitzen dute.

Jarraian, norabidetik aldendu gabe, beste sei uharteren ondotik igaro ginen: Carachita, Para, Zanghalura, Cian (Sanghirretik hamar legoara dago gutxi gorabehera, mendi garai bat du, baina ez da oso zabala, eta raja Ponto da erregea), Paghinzara (Cianetik zortzi legoara dago, hiru mendi garai ditu eta erregea raja Babintan da) eta Talaut. Gero, Paghinzaratik Ekialdera, hamabi legoa ingurura, bi uharte ez oso handi aurkitu genituen: Zoar eta Mean.