Astelehen arratsean, erregea ontzietara ingo zen, betela ekartzen zioten hiru emakumerekin batera. Erregeak baino ez dauka emakumeek soilik laguntzeko baimena. Gero Giailoloko erregea itzuli zen, batak bestearekin borroka nola egiten genuen ikusteko interesa zuelako. Egun batzuk geroago, bularreko ume bat bezala sentitzen zela esan zigun gure erregeak, behin ama ezagututa, hura joatean bakarrik utziko zuelako; atsekabetuta geratuko zen, Espainiako zenbait gauza ezagutu eta gustuko izan zituelako, eta berarengana itzultzeko denbora asko hartuko genuelako. Txera handiarekin, bera defendatu ahal izateko gure bitarteko batzuk uzteko eskatu zigun, eta, abiatzean, egunez bakarrik nabigatzea aholkatu zigun, gune horiek harea-pilaz beteta daudelako.
Espainiara heltzeko egunez eta gauez nabigatu behar genuela erantzun genion. Orduan bere jainkoari gu portu onera gidatzeko erregutuko ziola gaineratu zuen. Eta Bachiango erregearen zain zegoela esan zigun, haren anaia bere alabetako batekin ezkontzera zetorren. Albiriste gisa erakustaldi bat egiteko eskatu zigun, baina baita bonbarda nagusiak ez jaurtitzeko ere, egun horietan ontziek hainbesteko zama zeramaten, non kalte egin baitziezaieketen.
Pedro Alfonso, portugesa, emaztearekin (eta behar zuen guztiarekin) ontzira etorri zen. Bi egun geroago, Chechili de Roi, Tarenateko erregearen semea, berriz ere gure aurrean armaz hornitutako praoan agertu zen eta portugesari une batez ontzitik jaisteko oihukatu zion; gurekin Espainiara itzuliko zenez, ez zuela nahi erantzun zion honek. Orduan indigena ontzira igo nahi izan zuen, baina ez genion utzi. Portugaletik zetorren Malakako kapitain nagusia lagun handitzat zuen eta Pedro Alfonso hartzeko asmoarekin etorri zen, aurretik, haren inguruan egon ohi ziren guztiei basaki oihukatu zien, bere baimenik gabe portugesa joaten utzi izanagatik.